Elikadura, oinarrizkoa hazkunderako

Etapa honetan zehar, elikadura oinarrizkoa da haurra ondo hazteko. Gosaritik hasita —horixe baita egunean egiten den lehen otordua eta, beraz, garrantzitsuena— afariraino.

2011/12/05

Jangelen garrantzia

Urtez urte geroz eta gehiago dira eskolako jangeletan gelditzen diren haurrak. Baina eskoletako jangelak ez dira soilik bazkaltzen ematen duten lekua; jangeletan, beste haurrekin batera jaten ere ikasten dute.
Gaur egun, jangeletako bazkariak dietista edo aditu batek gainbegiratzen ditu gehienetan, eta gurasoei hilabete osoko menuaren berri ematen zaie.
Eskola bakoitzak aukeratzen du janaria prestatzeko modua, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bere esku izango du ikuskatzea eta homologatzea eskoletako jangelak, esleipendunak janariak biltegiratzeko eta prestatzeko dituzten lokalak, jakiak, e.a.
Jangelako menua urtaroen arabera aldatzea gomendatzen da, urtaro bakoitzak eskaintzen dituen produktuen kontsumoa bultzatzeko. Gainera, udaberrian eta udan plater hotzak jar daitezke, entsaladak eta krema hotzak adibidez; udazkenean eta neguan, berriz, beroagoak, hotzari aurre egiteko. Bestetik, ez da gomendagarria jana oso xehatua ematea beti (pureak, hanburgesak...), haur txiki-txikietan izan ezik. Haurrak testura ezberdinetako jakiak jaten ikasi behar du.
Jangelaren aukerak baditu beste abantaila batzuk: jale txarrak diren haurrek besteekin batera askoz hobeto jan ohi dute, eta jaten ikasteko aukera egokia izan daiteke.
Inoiz ez da jangelaren esku utzi behar haurraren elikadura egokiaren ardura osoa, bazkaria otordu bat besterik ez delako eta haurrak etxean egiten dituelako beste guztiak.


2011/11/28

Amaia Diaz de Monasteriogurene dietistari eginiko elkarrizketa



"Garrantzitsua da haurrek denetarik jatea"

'Mi bebe come sano' argitaratu berri du Amaia Diaz de Monasteriogurenek. Bi urte arteko haurrak dituzten gurasoentzako errezetak ditu liburuak.
Ilargi Agirre Donostia


Haurren elikaduran aditua da Amaia Diaz de Monasterioguren, eta bi urte arteko haurrei jaten emateko errezetak bildu ditu Mi bebe come sano liburuan (Nire haurrak ondo jaten du). Aurretik, beste obra batzuk ere idatzitakoa da: Sukaldean eta Comer y crecer. Otorduetan haurrak ez direla estutu behar dio.

Zergatik du horrenbesteko garrantzia haurren jatekoak?

Eraikitzen ari diren etxetxo batzuk dira haurrak, eta etxe hori behar den bezala amaitzea da gure helburua. Etxea eraikitzeko materiala proteinek ematen dute. Haragiak, arrainak eta arrautzak daude, batetik, eta lekaleak, bestetik. Lehendabizikoak neurrian jan behar dira. Bigarrenak jateko ez dago arazorik. Bazkaltzeko, esaterako, entsalada bat eta bigarren plater gisa baba gorriak presta daitezke.

Haurrak oso aktiboak dira, eta energia behar dute, gainera. Gorputzari gasolina ematen diotenak hidratoak dira. Bi motatakoak daude hemen ere: geldoak edo azkarrak. Geldoak ogia, pasta eta arroza dira, eta horiexek dira interesgarrienak. Kantitate handiak eman behar zaizkie; otordu bakoitzean, zertxobait. Azkarrak, berriz, freskagarriak, txokolatea eta gozokiak, noizean behingo produktuak dira. Garrantzitsuenak, hala ere, barazkiak eta frutak dira; arkitektoaren papera egiten dute horiek. Gainerako jakien kantitatea aldatu egin behar da gorputzak gastatzen duenaren arabera, baina barazkien eta fruten neurria ezin da inolaz ere gutxitu. Ezinbestekoa da egunean bost ale jatea bizitza osoan.

Haurren loditasunaren inguruan zer pentsatzen duzu?

Argi dago gero eta haur gehiago daudela pisu gehiegikeriarekin. Haur horiei ez zaie dietarik jarri behar, aholku dietetikoak eman behar zaizkie. Haurrak, azken finean, gurasoen ispilu dira. Horregatik, gurasoek ere euren haurrei ematen diotena jan behar dute. Nik bi alaba dauzkat. Ikastolan solasaldian jateko fruta jartzen diot alabari, baina aurretik ez banau ikusten fruta jaten, etxean, berak ere ez du jan nahi izango. Fruta jateak ekintza dibertigarri bat izan behar du.

Eta nola egin daiteke hori?

Frutekin osatutako postre goxoak egin ditzakegu haurrekin. Horretaz gain, frutak era bitxi batean zati daitezke edo ipuinak kontatu. Adibidez, platanoa jatea nahi badugu, fruta dendara joan, eta alerik politenak hartuko ditugu haren aurrean. Tximuak jaten dituztela platanoak esango diogu, eta berak soinketako orduan tximuak bezala jauzi egin nahi badu onena platanoak jatea dela gaineratu. Nire alabari ipuin hori kontatu nion, eta gaur egun soinketa duen bakoitzean fruta dendatik pasatu behar izaten dugu, aurretik, platanoak erostera. Beste fruta batzuk zati txikiak eginda eman behar zaizkie. Eskuekin jaten asko gozatzen dute. Zotzak jartzea edo aurpegi baten irudia egiteak ere lagun dezake.

Eta zerbait ez bazaio gustatzen, zer egin behar da?

Jangai hori berarekin batera prestatu eta irudimena erabiliko dugu. Azalorea gorrotatzen badu, patata purearekin laino forma egingo dugu, esaterako, edota azenarioarekin eguzki bat. Azalorearen alboan arraina edota oilaskoa jarri, eta, besterik ez bada, bi azalore zati jango ditu. Haurrak jaten duen kantitatea baino garrantzitsuagoa da denetik jatea. Probatu egin behar dituzte gauzak.

Batzuentzat otorduak sufrimendu bilakatzen dira, ordea. Zein da irtenbidea?

Emozioak eta elikadura nahastu egiten dira, askotan. Jatorduak tentsio une bilakatzen badira, haurrak nabaritu egiten du, eta ezin da ezer egin. Normalean pertsona batekin gertatzen zaio ezin jate hori. Amarekin izanez gero, esaterako, ona izaten da beste norbaitek jaten ematea. Jantokiak ere lagundu egiten du, maiz. Arazoa antolaketa falta izaten da, gehienetan. Ordutegia zehaztu behar da, eta jatorduak lasaitasunarekin hartu behar dira. Haurrek ez dute nekatuta egon behar jateko berri bat probatzeko orduan. Hutsegitea non dagoen jarri behar dugu arreta. Agian, kantitate gehiegi dauka platerean, eta horregatik ez du jaten. Gaur egun, egia da guraso askok ez dutela denborarik izaten, sarri, otorduak behar den bezala prestatzeko. Orduan, nire aholkua asteburuak aprobetxatzea da. Bakailaoa saltsan, zopak eta barazki kremak eginda utz daitezke aste barrurako.

Mi bebe come sano liburuan 2 urte arteko haurren elikaduraren inguruko gomendioak daude. Adin taldeka banatutako errezetak ematen dituzu.

Bai, hori da. Kontuan hartu behar da gurasoak baino hobeto ez duela inork ezagutzen haurra. Bakoitzak bere erritmoa du, eta denek ez dute berdin funtzionatzen. Entzun egin behar zaie haurrei, eta inolaz ere ez estutu jaten ematean. Hiru adin talde bereizten ditut. Sei hilabetera arte, seitik hamabi hilabetera eta urtebetetik bi urtera arte. Lehen etapan bularra bakarrik ematen zaie.

Zer da hobea bularra edo biberoia?

Argi dago animalia bakoitzarentzat amaren esnea dela onena, eta gu ez gara salbuespenak. Bularreko esnea koipe eta proteina aldetik ezin hobea da. Baina ama askok ezin dute bularra eman hainbat arrazoirengatik, eta horretarako dago formulako esnea.

Lehen janariak noiz sartzea aholkatzen duzu?

Lau eta sei hilabeteren artean. Frutak ematen hasi behar da. Produktu bakoitza banaka sartu behar da nola erreakzionatzen duten ikusteko. Pediatrek normalean sagarra, platanoa eta laranja nahasteko esaten dute, baina nik nahiago dut sagarra edo madariarekin konpota bat egin. Bularreko esnearen antzekoa da konpota, epela eta goxoa baita, eta haurrak errazago jaten du. Konpotari esne apur bat gehitzea ere badago proteinak emateko. Arroza eta artoa ere etapa honetan sartzen dira.

Eta bigarren etapan zer eman behar zaie?

Zazpi hilabeterekin barazkiak sartu behar dira. Barazki laranjekin —azenarioa eta kalabaza— hastea da egokiena. Barazki berdeen txanda zortzi hilabete eta erdirekin iristen da. Pureak egiteko orduan kolorearekin jolastu behar da, haurrek begiekin jaten baitute. Haragia eta oilaskoa zati txikietan eginda ere garai honetan sartu behar da. Arraina, berriz, beranduago, hasi behar da probatzen.

Eta, hirugarren etapan, bi urtetik aurrera, zer gomendatzen duzu?

Bi urte betetzean, mahaiean batera eseri, eta familiako beste kideek bezala jateko gai izan behar du haurrak, kantitate txikiagoetan bada ere. Gauzak ondo egin izanaren seinale izango litzateke hori.

2011/11/21

Jaten duguna bihurtzen gara

Bideo honen bidez azaltzen da elikadura desegoki batek gure osasunean izan ditzaken ondorio kaltegarriak: gizentasuna, diabetesa...

2011/11/14

Errezeta dibertigarriak!

Ume asko eta asko oso jatun txarrak dira, haien menua oso murriztua izaten da, beti elikagai berberak jaten dituzte eta oso kantitate txikietan. Huen gurasoek ahaleginak egiten dituzte egunero, baina hala ere, halako portaerak ez dira aldatzen...
Arazo honi aurre egiteko hainbat errezeta dibertigarri proposatzen dizkizuegu, zuen haurrentzat erakargarriak suertatuko diren elkagai ezberdinez beteriko errezetak.




















http://lacasitaverde.blogspot.com/2007/02/recetas-divertidas-para-nios-receitas.html

2011/11/07

Ba al dakizu zein diren gehiegi komeni zaizkion janariak?


Eskola-garaian, talde guztietako janariak jatea gomendatzen da, energia eta nutrienteen ekarpen egokia lortzeko.
Lortu informazioa haien elikadurak nolakoa izan behar duen jakiteko, euren adinari egokitutako elikadura-piramidean. Piramidearen oinarrian dauden janariek eguneroko elikaduraren zutabea osatu behar dute; piramidean gora joan ahala, berriz, ohiko elikaduran gutxiago agertu beharko luketen janariak daude.
Oro har, janariak egunean bost otordutan banatzea gomendatzen da; horietako hiru nagusiak izango dira: gosaria, bazkaria eta afaria eta beste biak, berriz, osagarriak: bat goiz-erdian eta beste bat arratsalde-erdian (askaria).

2011/10/31

Espagetiak Susirentzat

Hona hemen soilik espagetiak jaten dituen neskaren bideo dibertigarria http://vimeo.com/4606852

Espagetiak goxo-goxo daude, baina gogoratu! beste elikagaiak ere jatea beharrezkoa da behar den bezala hazteko.

2011/10/24

Jatea ez da jolasa, baina jaten ikastea izan daiteke!

Haurrak mahaira eseri, eta helduen gisa joka dezaten nahi izaten dugu maiz. Zintzo-zintzo jarri eta ez daitezela mugitu, platerean ateratako guztia jan dezatela, txukun-txukun, gainera. Hori, ordea, ezinezkoa da, eta alferrekoa izaten da aginduak, baldintzak, mehatxuak eta zigorrak erabiltzea: "Egon geldi!", "ez altxa mahatik guzti-guztia jan arte", "fruta bukatu gabe, ez dago izozkirik"... Haurrentzat oso nekeza da otordu osoa mahaian eserita egotea, eta are nekezagoa ez zikintzea:jaten hasten direnean, saiatuta ere, beti zikinduko dira. 
Horiek guztiak erreakzio normalak dira; oso arraroa da haurrei zapore guztiak gustatzea, eta ahalegin handia egin behar izaten dute zapore eta testura berriak probatzeko. Etxe guztietan gertatzen dira halakoak, eta haurren bilakaera normal eta osasungarriaren barnean sartzen dira jokabide horiek guztiak. Hori dela eta, haurrek jaten ikasteko, lehenbizi gurasoek barneratu eta onartu behar dituzte oinarrizko arau batzuk, eta aurren-aurrena, hauxe: ulerberak eta sentiberak izan behar dute haurrekin, eta pazientzia eduki. Ez da erraza, jakina, eta are gutxiago garaiotan, non gauza guztiak ahal bezain azkar eta ahalik eta ahalegin txikienarekin lortu nahi ditugun. Horrek, baina, ez du balio seme-alabei modu osasungarrian jaten erakusteko, tentsiorik eta gatazkarik gabe. Txiki-txikitatik elikadura orekatua egiten erakusteak denbora eta ahalegina eskatzen du.

Elikadura orekatua zer den jakitea erraza da, elikadura orekatua egitea baino gehiago. Haurrek bi edo hiru fruta ale jan behar dituzte egunean, bi berdura-errazio, arraina astean hirutan edo lautan, lekaleak astean bitan... Gomendio edo jarraibide horien berri edukitzea oso garrantzitsua da, baina teoriarekikoak egitea ez da hain zaila (haur-elikadurari buruzko edozein liburuk erakutsiko digu zer egin behar den). Gurasoei sortzen zaien erronkarik handiena teoriarik praktikara jauzi egitea izaten da, liburuetan ikasitako hori etxeko sukaldean gauzatzea. Ongi jaten ikasteak, beste deus baino gehiago, norberaren desira izan behar du, konbentzimendu barneratua. Jaiotzen den unetik beretik has daiteke haurra zapore berrietara ohitzen, bularreko esnetik abiatuta. Urteak igaro ahala, koherentziaz jokatu behar da, eta esaten denak bat etorri behar du egiten denarekin. Etxean jaten dutena izaten du haurrek eredu, eta, beraz, gurasoek arduraz jokatu nahi badute, eta familiaren osasunaren alde egin, elikagai osasungarriak hautatu eta prestatu behar dituzte.